XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

horrekin kontrajartzen, horren berbaitango esentzia nahimena izateari, zeinek ez baitauka inolako arrazoirik, zeren arrazoiaren printzipioa bere taxu guztietan ezagutzaren forma soila baita, bere baliozkotasuna, beraz, errepresentaziora, agerpenera, nahimenaren ikuskortasunera soilik hedatzen baita, ez ikuskor bihurtzen den nahimenera berera.

Alabaina, nire gorputzeko aktu oro nahimen-akzio baten agerpen bada, zeinean motibo jakin batzuen pean nire nahimena bera oro har eta osoki, beraz, nire karakterra berriz adierazten baita; orduan akzio horren ezinbesteko baldintzak eta suposizioak ere nahimenaren agerpen izan behar du:

zeren bere agerpena ezin baitaiteke egon zerbaiten mendean, bitartegabe eta beraren bidez hala kontingente izango bailitzateke, eta haren bitartez bere agerpena bera kontingente bakarrik izango bailitzateke:

baldintza hura, ordea, soin osoa bera da. Horrek berak horrela nahimenaren agerpen izan behar du eta nire nahimenarekiko bere osotasunean, h. d. nire karakter adigarriarekiko, zeinaren agerpena denboran nire karakter enpirikoa baita, hala jokatu behar du, nola soinaren ekintza partikularrak nahimenaren egintza partikularrarekiko.

Horrela soin osoak ez du nire nahimen ikuskor bihurtua baizik izan behar, nire nahimena bera izan behar du, hori objektu begiesgarri, lehen klaseko errepresentazio den heinean.

- Horren baieztapentzat jadanik esan da nire soinaren baitango inpresio orok berehala eta bitartegabe nire nahimena afektatzen duela, eta ikuspegi horretatik mina edo atsegina, maila txikiagoan sentsazio atsegin edo ezatsegin deitzen dela, eta baita alderantziz nahimenaren edozein higidura suharrek, beraz afektuak eta grinak gorputza kordokatzen dutela eta bere funtzioen joaira nahasten dutela ere.

- Egia da, nahiz eta oso ezperfektuki, nire soinaren sorreraz eta zerbait hobeki bere garapen eta iraupenaz ere aitiologikoki kontu eman dezakegula, zeina baita fisiologia: horrek gaia azaldu soilik azaltzen du, motiboek egintza nola azaltzen duten.

Horregatik egintza partikularraren oinarriztapena motiboaren bitartez eta horren beharrezko ondorioa gutxi kontrajartzen bazaio ekintzari oro har eta esentziaren arabera bakarrik bere baitan arrazoigabea den nahimen baten agerpena delakoari, era berean gutxi kontrajartzen zaio soinaren funtzioen azalpen fisiologikoa soin horren existentzia osoa eta bere funtzioen sail osoa nahimen haren, zeina soin beraren kanpoko ekintzetan motiboen arabera agertzen baita, objektibazioa bakarrik delako egia filosofikoari.